Gure lehenengo Legarda Eguna

Legarda eguna heldu da, gure lehenengoa izango da, egun berezia izanik larunbata izanda ere eskolara joateko gogoz gaude eta hamarrak aldera abiatu gara seme-alabekin.
Eskolara heldu eta sarreran bertan esan digute bakoitzak zein lan-txokotara joan behar dugun, baita txosnarako txartel batzuk eman ere, egunean zehar freskagarriak, taloak, pintxoak… hartu ahal izateko, bai ondo!
Haurtzaindegia ere antolatuta dago, beraz umeak bertan utzi eta lanera!
Beharrean hasi eta lan batzuk aurre-prestatuak izan direla konturatu gara. Aurreko egunetan guraso elkarteak egindako lanak eta antolakuntza ederrak izan dira benetan, gaurko egunean dena borobil ateratzeko.
Serio demonio gabiltza lanean, baina hamaiketakorako tartea ere hartu dugu, txosnan taloa eta freskagarria indarrak berritzeko.
Eskolako zuzendaria eta zenbait irakasle, Kontxi sukaldaria, Kontxi irakasle-ohia ere berton daude laguntzen, eskerrik asko denoi.
Mungiako alkatea eta alkateordea ere animatu dira gure eskolatik osteratxo bat egitera, eskerrik asko etortzeagatik. Guztion artean egindako lanaz konturatuko ziren, eskola hobe batek herri hobea dakar, ea erabilitako materialak behintzat ordaintzen dituzten, merezi dugu!
Ordu bietan beharra amaitutzat eman dugu, eskolako beste gurasoekin elkarlanean aritzea gozada bat izan da, eta gainera lanaren emaitza gure begien aurrean dugu: Negutegia, ur-arketa eta soloa prest, belarra moztuta, hainbat liburu konpondu eta forratuta, umeentzako jolas berriak patioan margotuak, patioko hormak zuriz margotuak, egurrezko eserleku berri eleganteak patioan, zuhaitz berriak landatuak… Bejondeigula!
Haurtzaindegira joan gara umeen bila, irribarrea ahoan irten dira:
“ Zelan pasa duzue txikitxuok?”
“Ederto! Psikogelan eta patioan jolasten ibili gara, galletak jan ditugu eta ipuinak ere kontatu dizkigute. 6gn mailakoak eta institutuko gazteak ere gurekin jolastera etorri dira!”
Jantokira joan gara eta familia bakoitzak etxetik ekarritako jakiak atera ditugu. Jaten hasi eta, sorpresa! Marokoko amek kuskusa egin dute guztiontzat, baita tea eta pastelak ekarri ere! Zer goxua dena! Shucran! Eskerrik asko!
Ondoren, jantokia batu eta garbitu ostean, patiora atera gara eta umeak hara eta hona ibili dira jolasten, Disko festa hasi bitartean.
Heldu da Xaibor, kamioi-eskenatokia prestatu eta showa hasi da. Ume guztiak dantzan ibili dira ordu t’erdiz, Euskalzunbaren doinuei jarraiki.
Disko-festa amaitu eta umeek partidak jokatu dituzte patioan, eskolaz-kanpoko ekintzak kudeatzen dituztenek antolatuak, kirol berrienganako zaletasuna sustatu asmoz.
Neka-neka eginda gaude eta etxerako bidea hartu dugu, beste hainbat guraso eskola garbitzen gelditu diren bitartean. Barkatu baina gure umeak ez dira geldirik egotekoak eta eguna ederra bezain luzea izan da guretzat.
Esperientzia aparta izan da, denon artean eskola hobetu dugu, baserrietako auzolanak ekarri dizkit gogora! Datorren urtean berriro etorriko gara, zalantza barik!

Iñaki Otaegi

Add a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude